sábado, 14 de mayo de 2016

E-PAPERZORROA

Kaixo irakurle guztioi!

Ni Iratxe Oiartzabal Ugalde naiz, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan Haur Hezkuntzako Gradua ikasten ari den neska bat, lehenengo maila hain zuzen ere. Blog honen helburu nagusia bigarren lauhilabetean izan dugun Didaktika Orokorreko saioetan egiten genituen jardueren inguruko lanak, ikerketak eta hausnarketak zuekin konpartitzea izan da, bilduma antzeko bat eginez. Sarrera hau idatzi dut blog honi amaiera emateko, ikasturtea amaitzen ari delako. Horregatik, kurtso osoan landu dugunaren inguruko laburpentxo edo sintesi bat egingo dut ikasitako guztiaren ideia orokor bai izan dezazuen; eta bien bitartean, esteken bitartez lan guztiak ikusteko aukera izango duzue.

Blog honetako lehen sarrera, nire burua aurkezpenaz gain, argazki elkarrizketen ingurukoa da. Bertan, gure Haur Hezkuntzako etapan zehar ateratako argazkiak ekartzea proposatu zitzaigun, edota etapa hori gogora ekartzen zizkiguten elementuen argazkiak, garai hartako bizipenak gogora ekarriz. Esan beharra daukat etapa honen inguruko oroitzapen zoriontsuak ditudala, baita bertan izan nuen irakasleaz ere. Honek, pisu handia izan du gaur egun ikasten ari naizen gradua aukeratzerako orduan, baita etorkizunean irakasle lanak egiterakoan hartuko dudan jokabidean ere. 

Bigarren sarreran, hezkuntzarekin zerikusia duten argazkien hausnarketa baten inguruan jardun nuen. Baina lehenik eta behin, gaur egun aurki ditzakegun curriculum motak zein diren aipatu nituen: curriculum ofiziala (gobernutik adostua datorrena), curriculum erreala (kurtsoan zehar lantzen dena), curriculum nuloa (lantzen ez diten gaiak) eta curriculum ezkutua (zeharka lantzen diren gaiak). Argazki hauek batez ere azken curriculum mota honen ingurukoak dira, curriculum ezkutuaren ingurukoak hain zuzen ere. Bertan ideia ezberdinen inguruan hitz egiten da, besteak beste sexismoa eta ikasleen berezitasun eza. Argi dago gizartean ematen diren egoerak eskola barruan ere ematen direla, azken batean, eskola gizartearen erreflexua baita. Beraz, irakasleok egoera kaltegarri hauek ebazten saiatu behar gara, gaur egungo egoera aldatu eta hobetzeko, haurrengan eragin handia izaten dutelako

Hirugarrengo sarreran hezkuntzaren inguruko hainbat esaldi hausnartu genituen, aurreko saioko argazkien jarduerari jarraipena emanez. Gehienek hezkuntzaren indar eta beharra azpimarratzen dute; bizitzan erabat beharrezkoak diren oinarriak ikastea ahalbidetzen baitu eta honi esker engainatuak ez izaten, bizikidetza egokia lortzea ahalbidetuz. Beraz, hau potentziatu eta hezkuntzan ematen diren akatsak zuzentzen ahalegindu behar gara, ez soilik irakasle eta hezkuntzan parte hartzen duten irakasleok, bazik eta gizarte osoak.

Laugarren sarrera egin ahal izateko, irakasleen formazioa eta irakaskuntza esanguratsua eta globalizazioaren inguruko hiru testu irakurri genituen: "Cajas de vida: paisajes que nos narran", "Cuando los prodesores escriben: sobre redes y aprendizaje" eta "La narrativa como texto experiencial: incluirse en el texto". Honen laburpena egiteko, lehenik taldeka bildu ginen eta testu bakoitzetik hamar ideia nagusi atera genituen, ondoren bakoitzak bere laburpena egiten laguntzeko asmoz. Testu hauetan, haurren aurre ezagutzetatik habiatuta irakatsi behar dela esaten dute, haien zalantzak argituz. Irakasleak ikasleen paperean jartzea gomendatzen dute, egunerokotasunean ematen diren gaiak landuz, eta horretarako hainbat ikastaro egitea gomendatzen dute. 

Bosgarren sarreran ikaskuntza esanguratsua eta globalizazioaren inguruan hitz egin dut, aurreko testuei jarraipena emanez. Gai hau lantzeko, taldeka bildu, testu bat (edo batzuk) irakurri eta haien inguruko aurkezpenak prestatu genituen. Aurkezpen horietatik ondorioztatu genuen, haurrek beraien ezagutzak esperientzietan oinarrituz modu errez edo aktiboago batean ikasten dutela, edo beste era batera esanda, haurren ikaskuntza esanguratsua dela. Ikaskuntza esanguratsuarekin lotuta globalizazioa aipatu beharra dago; egindako ikaskuntza berriak aurre ezagutzekin lotzen ikasten baitute eta esanahi berria ematen diete, behar izanez gero.

Seigarren sarreran, eta baita ondorengoetan ere, curriculum gaiaren inguruan jardun genuen, Heziberriren inguruan hain zuzen ere, hori baita Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dagoena. Lehenik eta behin, bertan agertzen diren hainbat artikulu irakurri genituen, eta ondoren, haurtzaroko esperientziekin loturak egin genituen. Hori gauzatu ahal izateko, Heziberriko artikuluen zati batzuk hartu eta garai hartan indarrean zegoen curriculuma eta oraingoa alderatu genituen, gure esperientzietan oinarrituta beti ere.

Zazpigarren sarrera egin ahal izateko, eta curriculumaren inguruan gehiago sakontzeko, bi artikulu irakurtzea eta laburpena egitea proposatu zitzaigun: "Curriculuma" (Jaume Serramona) eta "El curriculum oculto visual: aprender a obedecer a través de la imagen" (Acaso eta Nuere). Bertan curriculuma zer den definitzen dut, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuko helburu, metodologia, antolamendu, eduki, ebaluazio eta konpetentziak zehazten dituen dokumentu normatiboa. Horrez gain, beste hainbat ezaugarri azaltzen ditut, hala nola curriculum motak, oinarriak eta diseinua.

Zortzigarren sarreran, curriculumaren gaiari amaiera emate aldera, curriculumaren zehaztapen mailak zein diren aztertu genituen, eta haien arteko bereizketak egiteko taula bat osatu genuen haien ezaugarriekin, hala nola dokumentuen izena, arduradura eta baldintzatzaileak agertzen zirelarik. Bertan, curriculumaren lau mailak ageri dira: Oinarrizko Curriculum Diseinua (1. maila), Ikastetxeko Curriculum Proiektua (2. maila), Gelako Programazioa (3. maila) eta Banakako Egokitzapen Curricularra (4. maila).

Curriculum gaia alde batera utzita, bederatzigarren sarreran, metodologia ezberdinak lantzen hasi ginen, edo beste era batera esanda, irakaskuntza ikaskuntza prozesua behar bezala emateko aukera desberdinak. Lehenengo metodologia landu genuena diziplinarteko proiektuetan oinarritutako ikaskuntza izan zen. Horretarako, Donostiako ikastetxe batean landutako bi eredu erakutsi zizkiguten, metodologia hau hobeto ulertzeko asmoarekin. Haurren interes eta zalantzetatik abiatuta lan egiten da; era honetan, kooperazioa eta denon parte hartzea suspertuz.

Hamargarren sarreran beste metodologia bat jorratu genuen, txokoetan oinarritutako metodologia hain zuzen ere. Bertan, haurrak talde ezberdinetan banatzen dira eta talde bakoitza txoko batera joaten da, bakoitzean gai zehatz bat lantzen dutelarik. Era horretan, talde lana eta kooperazioa sustatzen da, jardunak funtzionatzeko beharrezkoa delako. Horregatik, metodologia hau oso aproposa da elkarlanean jarduten ikasten dutelako eta haurren integrazioa bultzatzen delako, bakoitzaren garapen erritmoa errespetatuz.

Hamaikagarren sarreran, bi metodologia hauek gehiago sakontzeaz gain, beste bi metodologia berri landu genituen, tailerrak eta Decrolyren metodologia hain zuzen ere. Horrez gain, lauen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak aztertu genituen, Didaktika Orokorreko blogeandauden irakurgaietan oinarrituz. Orokorrean, proiektu, txoko, tailer eta Decroly metodologiek globalizazio eta ikaskuntza esanguratsua kontzeptuekin bat egiten dute, ikasleen aktibotasunarekin bat etorriz. 

Hamabigarren eta azken sarreran, kurtsoa agurtu eta ikasitako guztia praktikan jartzeko unitate didaktiko bat egitea planteatu zitzaigun. Nire taldeak, Xarmaint taldeak, udaberria gaiaren inguruko unitate didaktikoa egin genuen, lau urteko haurrekin lantzeko gai aproposa iruditu zitzaigulako eta horrez gain, egunerokotasunean oinarritutako ezagutzetatik abiatzeko aukera ematen duelako, ikaskuntza esanguratsua jorratuz. Lana gauzatu ahal izateko, fikziozko ikastalde batean kokatu genuen gure burua, non ikasle batek behar bereziak zituen, etorkina zelako ez hizkuntza ulertzen ez zuelako. Jarraian, unitate didaktikoa lantzeko metodologia; Heziberritik ateratako helburuak, edukiak eta konpetentziak; jarduerak; eta ebaluazioa nolakoak izango ziren azaldu genuen. Azkenik, unitate didaktikoari amaiera emateko, gure proposamena gelakideei aurkeztu genien.

Azken sarrera honekin nire blogari amaiera emango diot, nire helburu nagusia bete dudalako, kurtso honetan zehar Didaktika Orokorreko saioan egindako lanen laburpenak, azalpenak eta hausnarketak bildu eta zuekin konpartitzea. Gustuko izan dezazuela espero dut.

Agur eta beste bat arte!


jueves, 12 de mayo de 2016

PROIEKTU, TXOKO, TAILER ETA DECROLYREN METODOLOGIAK

Gaurko klasean Proiektu, Txoko, Tailer eta Decroly metodoari buruzko artikulu batzuk irakurri eta bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak atera ditugu.

PROIEKTUAK

Honako metodo honetan ikasleak mundu errealean moldatzeko prestatzen dituzte, gaur egungo gaiak lantzeko inolako arazorik izan gabe, hala nola, heriotzari buruz hitz egitea. Honako metodologia gauzatzeko ezaugarri hauek jarraitu behar dira:

·  Ikasleen eta irakasleen arteko harreman eta komunikazioa ongi antolatzea
·  Esperientzia transmititzea, programari uko eginez
·  Imajinazioa lantzea

Gainera, metodologia hau gauzatuta garai bateko eskoletan zeuden jarrerak desagerrarazi nahi dituzte, adibidez, inteligentzia hitza, nota onak ateratzen dituen pertsonari erreferentzia egiteko. Proiektuetan oinarritutako metodologian, aldiz, pertsona inteligentea edo inteligentzia askoko pertsona, mundu errealari buruz ezagutza handia duen pertsona izanen da. Kasu honetan, irakaslearen eginkizuna ikasleak gidatzea da, haiek dituzten ikuspuntuak garatuz eta ez ongi eta gaizki zer dagoen esanez. Landu beharreko gaiak ikasleen interesen arabera bideratuta daude. Irakasleak hartzen duen rola dinamikoa, motibatzailea, bultzatzailea… da. Ikasleak, aldiz, parte hartzaile aktiboak, hartzaileak, igorleak (ikaskideekin informazioa elkarbanatzean)... dira.

Helburuekin bukatzeko, esan beharra dago, zehazki zortzi dituela metodologia honek:

1.- Ikasle bakoitzaren gaitasunetara egokituz indibidualki ikastea.
2.- Gai desberdinak landu jakinduria garatzeko.
3.- Teoria ikasitako esperientziekin erlazionatzea.
4.- Ikasitakoa errealitatean ikustaraztea.
5.- Errealitatea aztertuz bakoitzaren izaera garatzea.
6.- Ikasle-irakasleen arteko komunikazio egokia.
7.- Bai irakasleek, bai ikasleek ebaluatzea.
8.- Talde lana bultzatzea.

TXOKOAK

Txokoak haurren garapena bultzatzeko metodologia kooperatibo eta parte hartzailea da; zeinetan haurrak taldetan banatzen diren gai edo ezagutza espezifikoak landuz. Honek haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen du eta bakoitzaren berezitasun eta zailtasunak azalarazten ditu; hauetan esku hartzeko aukera emanez.

Txokoen beste ezaugarri batzuen artean, haurren interes eta zalantzak kontuan hartzen direla aurki dezakegu, aurrez dituzten ezagutzetatik abiatzen direlarik. Gainera, ikaslearen inplikazio maila handiak metodologia dinamikoa bihurtzen du eta oso eraginkorra dela frogatu ahal izan da, mekanikoa bihurtzen ez den arte.

Txokoen metodologia ulertzeko “Rincones para un aprendizaje significativo” testua irakurri eta aztertzea interesgarria izango litzateke. Bertan, Haur Hezkuntzako irakasle baten esperientzia azaltzen da bere ikasgela txokotan antolatzerako orduan, zeina guztiz beharrezkoa den haurren autonomia eta ekimen pertsonala garatzeko. Hona hemen txokoen antolakuntzak bete beharreko helburu nagusiak:

· Jolasaren bidez sormena bultzatzea.
· Askatasun eta autonomia pertsonala garatzea.
· Elkarbizitzako eta berdintasunezko giza- balioak bultzatzea.
· Jakin- mina eta esperimentaziorako ahalmena sustatzea.

Honengatik guztiarengatik, metodologia hau haurren garapena osotasunean bultzatzeko oso aproposa dela deritzot eta haurrei elkarlanean jarduten erakusteko ere balio du; zeina gero eta garrantzitsuagoa den gaur egun. Gainera, haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen du eta taldean jarduten dutenez, ikasle bakoitzaren behar edo berezitasunak erraztasun handiagoz antzeman daitezke.

Hala ere, esan beharra dago, metodologia honek zerikusi handia duela Proiektuetan Oinarritutako Metodologiarekin; biek gai zehatzak lantzen baitituzte ikasleen ezagutza eta zalantzetatik abiatuz eta irakasleen inplikazio maila altua baita. Hala ere, txokoetan haurrei askatasun handiagoa ematen zaiela uste dut eta, horrenbestez, lan egiteko era dinamikoagoa dela. Proiektuetan, ordea, aurrez planifikatutakoa modu zorrotzagoan bete behar dela eta irakaslearen papera aktiboagoa dela esan dezakegu, klase osoak ezagutza bera momentu berdinean lantzen duelarik. Baina, bi metodologiek haurren behar eta berezitasunak ondo ezagutzea eskatzen dute eta hauen atzean lan handia dagoela ezin dugu ukatu.

TAILERRAK

Tailer hauek problema matematikoak ebazteko erabiltzen dituzte. Bertan, problemak ebazpena arrazoitzeko era ezberdinetako materialak aurki ditzakete. Helburua haurren pentsatzeko erara hurbiltzea da, haien kabuz problemak ebazteko gai baitira; horretarako, ipuinen laguntza izaten dute, haurren interesa erakartzeko. Tailerrek hainbat fase dituzte:

  1. Problemaren aurkezpena eta tailerren funtzionamenduaren arauen azalpena.
  2. Lan indibiduala, egiten dutena ebaluatuz.
  3. Taldekideekin norberak egindakoa partekatu, eta ondoren, gelakide guztiekin.
  4. Emaitza komunikatzea.

Testuan kasu praktiko baten azalpena egiten du, 4 urteko haurren gela batean hain zuzen ere. Lehenengo fasea gauzatzeko, birbil batean biltzen dira eta irakasleak ipuina irakurtzen die hainbat aldiz, haurrek informazio guztia hartu dutela ziurtatu arte; eta jarraian, problema planteatzen die. Ondoren, bigarren fasean, haur bakoitza bere lekura joaten da lan egitera. Irakasleak materialak erabiltzerako orduan askatasuna ematen die eta material ezberdinak erabiltzera gonbidatzen ditu. Bakoitzak era ezberdin batera errepresentatzen du ebazpena: margoekin, koloretako piezekin… Elkarrekin lan egiteko aukera daukate, bakarka emaitza lortzen ez badute. Gainera, elkarren artean kopiatzen uzten die, ikasteko beste era bat dela esaten dutelako. Hirugarren fasean, denak elkarrekin biltzen dira eta erantzuna nola lortu duten azaltzen diote elkarri. Baten batek arazoak baditu, hurrengoari ematen diote txanda. Problemak pixkanaka zailduz joango dira, baina dagokien etapari egokituta beti ere.

Metodologia hau erabiliz, haurren interesa piztea lortzen dute eta inplikazio handiagoa lortzen da. Haurrak dira protagonistak eta irakasleek laguntzaile papera hartzen dute.  Azken finean, hezkuntza ulertzeko beste modu bat da.

DECROLY

Decroly-k sortu zuen eredu pedagogikoa globalizazioan oinarritzen da. Hezkuntzaren helburu nagusiena, gizartean integratzeko ahalik eta hezkuntza bide egokiena lantzea da. Helburu hau betetzeko bi gauza hartu behar dira kontutan, alde batetik, gizarteratzeko beharrak eta bestetik haurraren egoera eta beharrak.

Decrolyren teoriaren arabera haurrak bere ikaskuntza prozesuan hiru fase edo etapa igaroko ditu:
Lehena, behaketa litzateke, hau eraginkorra izan dadin haurraren ingurukoak hau da; familiak, esperientzia sozialak eta eskolak hartu emanean egon behar dute.  Behaketa hau zuzena edo zeharkakoa izan daiteke; zuzena, irakasleak haurraren parte hartzea sustatzen duenean da, betiere, haurraren interes gune hori etxetik eskolara helarazten diotelarik. Zeharkakoa aldiz,  interesen inguruko azterketa egiteko aukerarik ematen ez denean emango litzateke; hala nola, filmak, maketak…

Behin behaketa eginda, bigarren fasea dator; hau da, asoziazioa. Asoziazioan, irakasleak haurren interesekoak diren gaiak analizatu, erlazionatu eta sistematizatu egiten ditu .

Irakasleak, haurrari denboralizazioaren, egoera eta norabidearen (gertu-urrun,aurrean–atzean…), segiden(lehen-orain,iragana-oraina-etorkizuna), iraupenaren (asko-gutxi)… kontzeptuak erabiliko ditu. Hala nola, irakasleak konparazio eta deskribapen zehatzagoak egiteko aukera izango du. Irakasleak erabiliko dituen galderak: katuak mantsoak ala azkarrak dira?, zenbat denbora bizi daitezke katuak?... motatakoak dira.

Irakasleak haurrarengan interesa piztu nahi badu egingo dizkion galderak kausazkoak izango dira. Esaterako, zer egiten dute animali hauek? Zergatik?, Zer da gehien interesatzen zaizuna? Zergatik?..., Zer?, Nola?

Haurrari lana eta bere erabilpenaren inguruko ezagutzak irakatsi nahi dizkionean, berriz, beraien interesetatik abiatuko diren galderak egingo dizkio ; ala nola: zeinek zaintzen ditu animaliak?, nola egiten dute?, zer behar dute?, animaliek laguntzen al dute gizakiari?...

Eta gai etikoak, moralak eta sozialak landu nahi direnean erabiliko diren galderak: nola tratatzen ditugu ingurukoak eta nola tratatu behar dira? galderak egingo dira. Galdera hauen nahia kontzeptuak  haurren interesetatik abiatuta ikastea da, beraien beharrak eta nahiak kontuan izanda.

Azkeneko fasea espresioa da. Haurrek gaitasun linguistikoa, matematikoa, gorputzezkoa, plastikoa eta musikala barneratzeari dagokio. Haurrek beraien pentsamendu guztia ulertarazteari dagokio.

EZAUGARRI KOMUNAK

Lau metodologia hauen desberdintasunak azaldu ondoren, hauek haurrekin jarduteko orduan dituzten ezaugarri komunak azalduko ditugu.

Alde batetik, lau metodologiak haurraren interesetatik abiatzen direla esan beharra dago; lortu beharreko helburuetara heltzeko haurren motibazio eta kezketan zentratzen baitira.

Gainera, lau metodologia hauek, aurrez proposatutako metodologia tradizionalekin haustea dute helburu; ikasleak hartzaile hutsak izatearen aurka baitaude eta hauen aktibotasuna aldarrikatzen dute, estrategia desberdinak proposatzen dituzten arren. Honengatik guztiarengatik,  irakaslearen eginkizuna ikasleak gidatzea dela esan dezakegu, hauek dituzten ikuspuntuak garatuz eta hauek epaitu gabe.

Beraz, lau metodologia hauen nahia edo helburua, haurrak mundu errealean dauden erronketarako prestatzea dela azpimarratu beharra dago.