Gaurko klasean Proiektu, Txoko, Tailer eta Decroly metodoari buruzko artikulu batzuk irakurri eta bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak atera ditugu.
PROIEKTUAK
Honako metodo honetan ikasleak mundu errealean moldatzeko prestatzen dituzte, gaur egungo gaiak lantzeko inolako arazorik izan gabe, hala nola, heriotzari buruz hitz egitea. Honako metodologia gauzatzeko ezaugarri hauek jarraitu behar dira:
· Ikasleen eta irakasleen arteko harreman eta komunikazioa ongi antolatzea
· Esperientzia transmititzea, programari uko eginez
· Imajinazioa lantzea
Gainera, metodologia hau gauzatuta garai bateko eskoletan zeuden jarrerak desagerrarazi nahi dituzte, adibidez, inteligentzia hitza, nota onak ateratzen dituen pertsonari erreferentzia egiteko. Proiektuetan oinarritutako metodologian, aldiz, pertsona inteligentea edo inteligentzia askoko pertsona, mundu errealari buruz ezagutza handia duen pertsona izanen da. Kasu honetan, irakaslearen eginkizuna ikasleak gidatzea da, haiek dituzten ikuspuntuak garatuz eta ez ongi eta gaizki zer dagoen esanez. Landu beharreko gaiak ikasleen interesen arabera bideratuta daude. Irakasleak hartzen duen rola dinamikoa, motibatzailea, bultzatzailea… da. Ikasleak, aldiz, parte hartzaile aktiboak, hartzaileak, igorleak (ikaskideekin informazioa elkarbanatzean)... dira.
Helburuekin bukatzeko, esan beharra dago, zehazki zortzi dituela metodologia honek:
1.- Ikasle bakoitzaren gaitasunetara egokituz indibidualki ikastea.
2.- Gai desberdinak landu jakinduria garatzeko.
3.- Teoria ikasitako esperientziekin erlazionatzea.
4.- Ikasitakoa errealitatean ikustaraztea.
5.- Errealitatea aztertuz bakoitzaren izaera garatzea.
6.- Ikasle-irakasleen arteko komunikazio egokia.
7.- Bai irakasleek, bai ikasleek ebaluatzea.
8.- Talde lana bultzatzea.
TXOKOAK
Txokoak haurren garapena bultzatzeko metodologia kooperatibo eta parte hartzailea da; zeinetan haurrak taldetan banatzen diren gai edo ezagutza espezifikoak landuz. Honek haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen du eta bakoitzaren berezitasun eta zailtasunak azalarazten ditu; hauetan esku hartzeko aukera emanez.
Txokoen beste ezaugarri batzuen artean, haurren interes eta zalantzak kontuan hartzen direla aurki dezakegu, aurrez dituzten ezagutzetatik abiatzen direlarik. Gainera, ikaslearen inplikazio maila handiak metodologia dinamikoa bihurtzen du eta oso eraginkorra dela frogatu ahal izan da, mekanikoa bihurtzen ez den arte.
Txokoen metodologia ulertzeko “Rincones para un aprendizaje significativo” testua irakurri eta aztertzea interesgarria izango litzateke. Bertan, Haur Hezkuntzako irakasle baten esperientzia azaltzen da bere ikasgela txokotan antolatzerako orduan, zeina guztiz beharrezkoa den haurren autonomia eta ekimen pertsonala garatzeko. Hona hemen txokoen antolakuntzak bete beharreko helburu nagusiak:
· Jolasaren bidez sormena bultzatzea.
· Askatasun eta autonomia pertsonala garatzea.
· Elkarbizitzako eta berdintasunezko giza- balioak bultzatzea.
· Jakin- mina eta esperimentaziorako ahalmena sustatzea.
Honengatik guztiarengatik, metodologia hau haurren garapena osotasunean bultzatzeko oso aproposa dela deritzot eta haurrei elkarlanean jarduten erakusteko ere balio du; zeina gero eta garrantzitsuagoa den gaur egun. Gainera, haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen du eta taldean jarduten dutenez, ikasle bakoitzaren behar edo berezitasunak erraztasun handiagoz antzeman daitezke.
Hala ere, esan beharra dago, metodologia honek zerikusi handia duela Proiektuetan Oinarritutako Metodologiarekin; biek gai zehatzak lantzen baitituzte ikasleen ezagutza eta zalantzetatik abiatuz eta irakasleen inplikazio maila altua baita. Hala ere, txokoetan haurrei askatasun handiagoa ematen zaiela uste dut eta, horrenbestez, lan egiteko era dinamikoagoa dela. Proiektuetan, ordea, aurrez planifikatutakoa modu zorrotzagoan bete behar dela eta irakaslearen papera aktiboagoa dela esan dezakegu, klase osoak ezagutza bera momentu berdinean lantzen duelarik. Baina, bi metodologiek haurren behar eta berezitasunak ondo ezagutzea eskatzen dute eta hauen atzean lan handia dagoela ezin dugu ukatu.
TAILERRAK
Tailer hauek problema matematikoak ebazteko erabiltzen dituzte. Bertan, problemak ebazpena arrazoitzeko era ezberdinetako materialak aurki ditzakete. Helburua haurren pentsatzeko erara hurbiltzea da, haien kabuz problemak ebazteko gai baitira; horretarako, ipuinen laguntza izaten dute, haurren interesa erakartzeko. Tailerrek hainbat fase dituzte:
- Problemaren aurkezpena eta tailerren funtzionamenduaren arauen azalpena.
- Lan indibiduala, egiten dutena ebaluatuz.
- Taldekideekin norberak egindakoa partekatu, eta ondoren, gelakide guztiekin.
- Emaitza komunikatzea.
Testuan kasu praktiko baten azalpena egiten du, 4 urteko haurren gela batean hain zuzen ere. Lehenengo fasea gauzatzeko, birbil batean biltzen dira eta irakasleak ipuina irakurtzen die hainbat aldiz, haurrek informazio guztia hartu dutela ziurtatu arte; eta jarraian, problema planteatzen die. Ondoren, bigarren fasean, haur bakoitza bere lekura joaten da lan egitera. Irakasleak materialak erabiltzerako orduan askatasuna ematen die eta material ezberdinak erabiltzera gonbidatzen ditu. Bakoitzak era ezberdin batera errepresentatzen du ebazpena: margoekin, koloretako piezekin… Elkarrekin lan egiteko aukera daukate, bakarka emaitza lortzen ez badute. Gainera, elkarren artean kopiatzen uzten die, ikasteko beste era bat dela esaten dutelako. Hirugarren fasean, denak elkarrekin biltzen dira eta erantzuna nola lortu duten azaltzen diote elkarri. Baten batek arazoak baditu, hurrengoari ematen diote txanda. Problemak pixkanaka zailduz joango dira, baina dagokien etapari egokituta beti ere.
Metodologia hau erabiliz, haurren interesa piztea lortzen dute eta inplikazio handiagoa lortzen da. Haurrak dira protagonistak eta irakasleek laguntzaile papera hartzen dute. Azken finean, hezkuntza ulertzeko beste modu bat da.
DECROLY
Decroly-k sortu zuen eredu pedagogikoa globalizazioan oinarritzen da. Hezkuntzaren helburu nagusiena, gizartean integratzeko ahalik eta hezkuntza bide egokiena lantzea da. Helburu hau betetzeko bi gauza hartu behar dira kontutan, alde batetik, gizarteratzeko beharrak eta bestetik haurraren egoera eta beharrak.
Decrolyren teoriaren arabera haurrak bere ikaskuntza prozesuan hiru fase edo etapa igaroko ditu:
Lehena, behaketa litzateke, hau eraginkorra izan dadin haurraren ingurukoak hau da; familiak, esperientzia sozialak eta eskolak hartu emanean egon behar dute. Behaketa hau zuzena edo zeharkakoa izan daiteke; zuzena, irakasleak haurraren parte hartzea sustatzen duenean da, betiere, haurraren interes gune hori etxetik eskolara helarazten diotelarik. Zeharkakoa aldiz, interesen inguruko azterketa egiteko aukerarik ematen ez denean emango litzateke; hala nola, filmak, maketak…
Behin behaketa eginda, bigarren fasea dator; hau da, asoziazioa. Asoziazioan, irakasleak haurren interesekoak diren gaiak analizatu, erlazionatu eta sistematizatu egiten ditu .
Irakasleak, haurrari denboralizazioaren, egoera eta norabidearen (gertu-urrun,aurrean–atzean…), segiden(lehen-orain,iragana-oraina-etorkizuna), iraupenaren (asko-gutxi)… kontzeptuak erabiliko ditu. Hala nola, irakasleak konparazio eta deskribapen zehatzagoak egiteko aukera izango du. Irakasleak erabiliko dituen galderak: katuak mantsoak ala azkarrak dira?, zenbat denbora bizi daitezke katuak?... motatakoak dira.
Irakasleak haurrarengan interesa piztu nahi badu egingo dizkion galderak kausazkoak izango dira. Esaterako, zer egiten dute animali hauek? Zergatik?, Zer da gehien interesatzen zaizuna? Zergatik?..., Zer?, Nola?
Haurrari lana eta bere erabilpenaren inguruko ezagutzak irakatsi nahi dizkionean, berriz, beraien interesetatik abiatuko diren galderak egingo dizkio ; ala nola: zeinek zaintzen ditu animaliak?, nola egiten dute?, zer behar dute?, animaliek laguntzen al dute gizakiari?...
Eta gai etikoak, moralak eta sozialak landu nahi direnean erabiliko diren galderak: nola tratatzen ditugu ingurukoak eta nola tratatu behar dira? galderak egingo dira. Galdera hauen nahia kontzeptuak haurren interesetatik abiatuta ikastea da, beraien beharrak eta nahiak kontuan izanda.
Azkeneko fasea espresioa da. Haurrek gaitasun linguistikoa, matematikoa, gorputzezkoa, plastikoa eta musikala barneratzeari dagokio. Haurrek beraien pentsamendu guztia ulertarazteari dagokio.
EZAUGARRI KOMUNAK
Lau metodologia hauen desberdintasunak azaldu ondoren, hauek haurrekin jarduteko orduan dituzten ezaugarri komunak azalduko ditugu.
Alde batetik, lau metodologiak haurraren interesetatik abiatzen direla esan beharra dago; lortu beharreko helburuetara heltzeko haurren motibazio eta kezketan zentratzen baitira.
Gainera, lau metodologia hauek, aurrez proposatutako metodologia tradizionalekin haustea dute helburu; ikasleak hartzaile hutsak izatearen aurka baitaude eta hauen aktibotasuna aldarrikatzen dute, estrategia desberdinak proposatzen dituzten arren. Honengatik guztiarengatik, irakaslearen eginkizuna ikasleak gidatzea dela esan dezakegu, hauek dituzten ikuspuntuak garatuz eta hauek epaitu gabe.
Beraz, lau metodologia hauen nahia edo helburua, haurrak mundu errealean dauden erronketarako prestatzea dela azpimarratu beharra dago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario