Mezu honetan zehar, curriculuma zer den definitzen saiatuko naiz. Horretarako, bi testu irakurri ditut: "El curriculum oculto visual: aprender a obedecer a través de la imagen" (Acaso eta Nuere, 2005) eta "Curriculuma" (Jaume serramona).
Curriculumak "bidea" esan nahi du; hezkuntza proiektu bat da, ikaskuntza prozesu bat osatzen duten helburu, metodo gaitasun eta ebaluazioen multzoa. Definizio honetaz gain, ondorengo bi hauek ere baliagarriak suerta daitezke: hezkuntza prozesu guztiz zehaztua egiten duen agiria da (zer, nola, noiz irakatsi eta ebaluatu); eta bigarrengoa, ikaskuntza esperientzi guztien multzoa, gauza batzuk agirian zehaztuta eta baita beste gauza batzuk zehaztu gabe ere, ezkutukoa.
Jarraian, curriculumak dituen oinarri ezberdinak zein diren azalduko dizkizuet. Lehenengo oinarria izaera filosofikoarena duela da, eta positibismoaren bitartez, planifikazioa, prozesuak, ebaluazioa eta metodologia esperimentala sartzeko beharra aldarrikatzen dute. Honen bitartez, zertarako diseinatzen eta aplikatzen den jakin dezakegu. Bigarren oinarria testuinguru sozialarekin lotutakoa da, gizartearen testuinguru jakin batean garatzen delako, dimentsio sozial osoa islatzen delako. Horrez gain, bitartekari lanak eginez. Hirugarren oinarria epistemologikoa da, esparru eta gai desberdinak osatzen dituzten jakintza espezifikoak kontuan hartzen dituelako. Ikastetxearen egoera kontuan hartu behar da curriculumaren helburuak eta edukiak antolatzerakoan. Laugarren oinarria irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan parte hartzen duten pertsonen ezagutza psikologikoarekin lotuta dago, curriculuma aplikatzerako orduan, ikasleen garapen, ezaugarri psikologiko, jarrera, trebezia eta metodo egokienei erreparatzen zaielako. Bosgarren eta azken oinarria pedagogiko da. Hainbat galdera erantzuten ditu: zer merezi du ikastea, zelan lortzen du ikastea, noiz antolatu behar dira prozesu didaktikoak eta non egin behar da hori; beti ere ebaluazioa eta horretarako behar diren baliabideei erreferentzia eginez.
Jarraian, Espainiako curriculum mailei egiten die erreferentzia, irekia dela esaten du Jaume Serranok. Baina lau curriculum maila ezberdinak aurreko klase baten landu genituen. Hemen duzue ikusgai.
Curriculumaren diseinuak hainbat osagai ditu, haien artean helburuak, edukiak, pedagogia metodoak eta ebaluatzeko irizpideak. Lehenengo oinarriari dagokionean, helburuak hezkuntza prozesuaren bidez lortu nahi diren asmoak dira eta hezkuntzari lotutako balore filosofiko eta sozialetatik sortzen dira. Hala ere, helburu pedagogikoak ezartzea ez da beti curriculuma diseinatzerakoan egiten den lehen lana, batzuetan helburuak prozesuaren barnean daude eta honen amaieran baino ez dira azaltzen.
Edukiekin jarraiki, jakintzen edo kultur formen multzoa izendatzen dute. Ikasleek eduki multzo hori bereganatzea eta multzo horretaz jabetzea nahitaezkoa da ikasleen garapen eta sozializaziorako. Zer irakatsi galderari erantzuten diote eta kodifikatu, igorri eta jaso egin daitezke. OCPk multzoka zehazten ditu edukiak, arloka edo gaika antolatuz. Baina bestalde, IIPk honako irizpide hauek jarraitzen ditu:
- Hurbilekoei urrunekoei baino lehentasun gehiago ematea.
- Oinarrizko edukiak nabarmentzea.
- Geroratzeko samurrenak diren edukiei lehentasuna ematea.
- Luzaroan iraun dezaketen edukiek lehentasuna ematea.
Metodologiaren estrategiak diseinatzean berekin dakar irakasle zein ikasleek egin beharreko jarduerak ezartzea, ikasle eta irakasleak edukiez jabe daitezen, eta proposatutako jomuga pedagogikoak lor daitezen. Metodologiak sailkatzeko irizpide nagusia ikaslea subjektu aktibotzat hartzea da. Izan ere, ikaskuntza garrantzitsuenetan ikaslea izango da nagusi eta zenbait eginkizun izango ditu, hala nola galderak egitea eta erabakiak hartzea.
Baliabide didaktikoei dagokionean, curriculumaren eduki eta jarduera gehienak gauzatzeko tresnak behar dira euskarri gisa. Bertan ekonomiak eragina dauka, beraz, ikastetxe edo ikasleen baliabideetara egokitu beharra dago. Berebizikoak dira hezkuntza-sistema ez zahartzeko, ikasten ikasteko eta erantzukizuna izateko baliagarriak baitira. Hortaz, funtzio didaktikoa izateaz gain, ikaskuntza egituratzeko funtzioa ere badute.
Ebaluazioren curriculuma dinamizatzeko tresna da. Honen bitartez, planifikazioaren eta curriculumaren aplikazioari dagozkien erabakiak hartzeko behar dugun informazioa lortzen da. Curriculuma diseinatzerakoan hasierako ebaluazioa, prozesuen ebaluazioa eta emaitzen ebaluazioa beharrezkoak dira. Hasierako ebaluazioan ikastetxearen edo ikasgelaren errealitatera egokituta, curriculumaren planifikazioa aurrera eramateko elementu guztiak sartzen dira, besteak beste familiaren egoera sozioekonomikoa. Bigarrena, prozesuaren ebaluazioa, curriculuma aplikatzean egingo da, aurreikuspenak betetzen diren edo ez ikusteko eta behar izanez gero gauzak aldatzeko. Hirugarrena, amaitzen edo produktuen ebaluazioa da, eta honen bitartez eta ikasleak egindako jarduerak kontuan hartuz, ikasitakoa neurtu eta baloratuko da.
Aurreko informazio guztiari jarraituz, esan beharra dago hezkuntza sistema curriculum jakin batek arautzen duela; baina hala eta guztiz ere, honek bideratzen duen ikaskuntza zuzena edo zeharkakoa izan daitekeela, curriculum ezkutuaren kasuan bezalaxe.
Lau curriculum mota aurki ditzakegu:
- Curriculum ofiziala: paperean idatzita datorrena da, gobernutik adostua datorrena.
- Curriculum ezkutua: zeharka lantzen diren gaiak dira, taldelana esaterako.
- Curriculum erreala: kurtsoan zehar lantzen dena.
- Curriculum nuloa: lantzen ez diren gaiak dira, heriotza eta sexualitatea besteak beste
Ezkutuko curriculumean zentratuz, terminoak hezkuntza testuinguruan, zeharka edo ezkutuan transmititzen diren eduki zehatzei egiten die erreferentzia. Horrez gain, esan beharra dago curriculum ezkutua zuzenean edo modu esplizituan lantzeko aproposak ez diren ezagutzak iraunarazteko erabiltzen dela; arraza, kultura edota erlijioari lotutako ideologia edo iritziak, besteak beste. Azken finean, esan daiteke curriculum mota honek kapitalismoa eta patriarkatua indartzea duela helburu.
Hala eta guztiz ere, ezkutuko curriculuma agerikoa ere izan daiteke aldi berean, ikus-lengoaiari esker. Honek egiten du posible ezkutuko curriculuma ikasleei helaraztea ikastetxeko irudi, altzari, dekorazio edota bestelakoak erabiliz. Elementu hauei esker irakasleen nagusitasuna edota "zuzenak" diren jokabideak transmititzen zaizkie ikasleei.
Irakasleek azalpenak emateko erabiltzen duten material didaktikoek ere osatzen dute ezkutuko curriculuma. Profesional honek aukeratutako edukiek kontzeptu desberdinak transmititzen dituzte zenbait ikuspegitan oinarrituz. Modu honetan, sexismoa lantzeko orduan, zeharka baina aldi berean zuzenean, iritzi edo ikuspuntu bat igorriko du, ikasleengan eragina izango duelarik. Ezagutza edo eduki jakin batzuk transmititzen dituzten beste elementuetako bat uniformeen erabilera edo erabilera eza da. Zentro batzuk bere ikasleak eskolara arropa zehatz batzuekin jantzita joatera behartzen dituzte beraien nortasuna azaltzea ukatuz eta nola jantzi beharko lukete igorriz.
Honekin guztiarekin, curriculum ezkutua balio eta ezagutzak zeharkako modu batean transmititzeko balio duela azpimarratu nahiko nuke, etorkizuneko hiritarren ideologia zehazten dutelarik. Hori dela eta, irakasleok honi buruz hausnartu beharko genuke, egiten ditugun akatsak konpondu eta hezkuntza bidezkoa izan dadin ziurtatuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario